miércoles, 12 de diciembre de 2018

ETSk Gasteizko tranbiaren geltokiak 44 metroko unitate berrietara egokitzeko kontratua esleitu du

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Zamakoa, Moyale eta Trameinsa enpresek osatutako ABEEari esleitu dio Vitoria-Gasteizko tranbiaren geltokiak egokitzeko kontratua.


2.650.074,69 euroko aurrekontua eta 11,5 hilabeteko egikaritze epea dituen jarduketa datorren otsailean hasiko dela aurreikusten da. Une honetan, Arabako hiriburuko tranbiaren ustiapena 5 moduluko tranbien bitartez egiten da, baina bidaiari gehieneko orduetan zerbitzuak gainezka egiten du.

Hori dela eta, eta hegoaldeko luzapena zerbitzuan jartzearekin bat etorriz, Euskotren Tranbiak-ek garraio eskaintza hobetzea aurreikusi du, Gasteizen zerbitzua ematen duen tranbia kopurua handituz, eta baita horietako batzuen ahalmena ere. 44 metro luze diren zazpi moduluko tranbiak eskuratzearen ondorioz, beharrezkoa da Abetxuko, Lakua eta erdialdea adarretako ia geltoki guztiak handitzea. Hegoaldeko luzapenean dauden hiru geltoki berriak behar berrietarako dimentsionatuta daude jadanik.

Halaber, proiektuaren barruan, geltokiak mugikortasun urria duten kolektiboek eskatutako irisgarritasun beharretara egokitzea ere jasotzen da. Neurri horiek 2018ko otsailean EJGE-TSJPVak eman zuen epaian jasotzen dira, eta, horren arabera, 1,8 metroko igarobidea utzi beharko da libre markesinen albo bakoitzean. Horretarako beharrezkoa izango da bloke teknikoak aldatzea eta markesinaren gainerako elementuak egokitzea.

Fuente: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila - Departamento de Desarrollo Económico e Infraestructuras del Gobierno Vasco www.euskadi.eus


No hay comentarios:

Publicar un comentario